DHF. 11 Jardunaldia CAROBELS CLEBA LEÓN 33-33 PROSETECNISA ZUAZO.
09 Otsaila 2015
Partidu berdindua eta emaitza justua Leonen joan den larunbatean Leonen izandakoa, talde bat ez bestea aldendu ezinik markagailuan. Bigarren zatian, bi goleko abantaila izanda, eta partidua apurtzeko aukera gure nesken esku egonda, ezin izan zuten etxekoak aurreratu. Hori horrela, bukatzeko 28 segundora gol bat atzetik gindoazela, partidua galtzeko zorian aurkitu ginen.
Izan ere, golak sartuz ate batetik bestera eta atsedenik hartu gabe abiatu zen partidu osoa, defentsaldiak baino nagusiagoak erasoaldiak zirelarik. Horren ondorioz partidu zoro bat ikusi genuen, talde batek ez besteak markagailuan aldentzea lortu ezinik.
Hori horrela, emaitza azken minutuetan erabakiko zela zegoen argi, akabuko uneetan talde biek egingo zituzten akatsen arabera, hain zuzen ere.
Hortaz, partidua bukatzeko minutu erdi baino gutxiago faltatuz, etxekoak gol bat aurretik, baloia beraien eskuetan, eta irabaziko zutela pentsatuz, azken minutu erdiari etekina ateratzea erabaki zuten. Orduan, hutsartea eskatu zuen CLEBAk berrantolatzeko eta bi puntuak etxean geratzeko asmotan.
Baina kantxara bueltatzean, Jessek defentsa on bat egin eta Leonekoen gurutze bat aprobetxatuz baloia lapurtu zuen. Segidan, kontraerasoari ekin eta etxeko bat kanporatzea lortu genuen Ainhoa Azaolari egindako falta bati esker.
Nahasketa txiki baten ondoren, partidua bukatzeko 5 segundo geratzen zirela, eta etxekoek erreakzionatzeko astirik gabe, erditik abiatuta berdinketa lortu zuen Ohianek. Kostatutako puntua, benetan, Lasesarretik hurrun lortutakoa, non Bera Bera liderraren aurka jokatuko dugun datorren larunbatean.
