Jolasetatik ihes egin dute puntuak Pozueloren aurkako partiduetan
23 Apirila 2017
Neskek 1-2 galdu dute partida irregular batean eta mutilek lehendabiziko aldiz partidu bat galdu dute etxean denboraldi honetan 0-3.
Emakumezkoen belar hockeyko RC Jolasetak 1-2 galdu du Igande honetan etxean Pozuelo taldearen aurka. Getxotarrak ez dira gai izan jaitsiera zuzena ekiditeko lehian dabilen taldearen aurka irabazteko.
Partida hasieran madrildarrak izan dira nagusi, 0-2 aurreratuz eta lehendabiziko bi laurdenetara alde handiagoarekin heltzeko aukerak izan dituzte. Atsedenaldiaren ondoren Jolaseta beste aurpegi batekin irten da. Aukera argiak huts egin ostean Rocio Ybarrak PC bat bihurtu du eta etxekoei esperantzak eman dizkie.
Azken laurdenean Lipe Morenoren taldeak gola bilatzen jarraitu du baina Pozuelok sendo eutsi dio eta etxekoen aukera guztiak zapuztu dituzte.
ASMATU EZINIK
Gizonezko taldeak ere ezin izan du Pozueloren aurkako partidua irabazi. Madrildarrak 0-3 nagusitu dira Ohorezko B Mailako azkenaurreko jardunaldian. Joan Fitóren taldeak denboraldi honetan etxean galtzen duen lehendabiziko partidua izan da.
Partidu berdindua eta lehiatua izan da baina Getxotarrek aukerak bihurtu ezinik ibili dira. Stroke eta taldekako jokaldi on bati esker Madrildarrak aurretik jarri dira. Azken txanpan Pozuelok huts egite bat baliatu du markagailua erabakita uzteko eta Jolasetari maila gorenera igotzeko aukerarik gabe uzteko.
Fitók alde positiboarekin geratzea nagi du. Azken unera arte mailaz igotzeko borrokan aritzea nabarmendu du, denboraldi hasieran helburua maila mantentzea zenean. “ Orain badirudi gure denboraldia txarra izan dela, baina ez da horrela. Gure helburua maila mantentzea zen eta denboraldi erdian igoeragatik lehian aurkitu gara. Gaur galtzea ez da porrota, gure helburua bete dugu, maila mantentzea. Orain bi partidu geratzen zaizkigu bukatzeko eta datorren denboraldian pentsatzen hasteko” nabarmendu zuen talde bizkaitarreko entrenatzaileak.
