ERREGINAREN KOPA. FINALEKO 1/8 CANYAMELAR VALENCIA 30-22 PROSETECNISA ZUAZO
09 Otsaila 2015
Agur esan behar Erreginaren Kopari, eduki genezakeen aurkari zailenaren kontra galdu ondoren. Bagenekien aldiz aurretik aurkari zaila suertatu zitzaigula, eta horrelaxe izan zen, izan ere. Aitzakiatzat hartu gabe, baina eguna nahiko lehenago hasi zitzaigun okertzen autobusean izan genuen arazoaren erruz, hain zuzen ere. Ondorioz, Kopari agur esan zioten zuazotarrek itzel egon zen Canyamelar Valentzia baten aurrean.
Terueletik hurbil zapuztu zitzaigun Valentziarantz itxaropentsu generaman bidaia, autobusaren arazo mekaniko batek bi orduz bertan behera botata utzi gintuenean Barakaldokoen espedizioa. Teruel hiriburura mikrobus batean abiatu ondoren, autobus berri batean heldu ginen Valentziara, azkenean. Gutxi balitz, hiriburuan sartzeko zeuden auto-ilarak oraindik gehiago ernegatu zituzten jokalari zuazotarrak.
Hori horrela, gutxi gora behera ordu bat beranduago hasi zen partidua, eta ez genuen batere argi gure neskak kontzentrazioa mantentzeko gai izango ziren, gertatutako eragozpenen eta bidai luze horren ostean.
Ondo hasi ziren gureak, baita markagailuan aurreratu ere lehenengo momentuetan. Baina pixkanaka, berdinketara heldu eta aurrea hartu zuten markagailuan etxekoek, atsedenaldira 15-14 iritsirik eta partidua guztiz zabalik geratzen zelarik.Bigarren zatia erabat desberdina abiatu zen, gure taldeari zegokionez bereziki.
Arreta galduta atera ziren gure jokalariak eta 7/1ko partziala jazo zuten kantxara oso bizkortuta itzuli zen Canyamelar batengandik.
Abantaila gaindiezina zirudien arren, gure neskak jo eta ke saiatu ziren amore eman gabe, eta erne aurkariaren akatsen zain. Baina etxekoek ez zuten etsi, eta zoritxarrez 30-22 izan zen azken emaitza.
Orain berriro lanera joan den urteko tonu onean jarraitzeko Ligan, Leonen beste bi puntu lortzen saiatuz eta Bere Berari gogotsu aurre eginez etxean bi aste barru.
Aupa neskak eta gogor ekin lanari!
