JOLASETA LAUKO FINALETIK KANPO GUTXIGATIK
07 Maiatza 2017
Belar gaineko hockeyko RC Jolasetaren emakumezkoen taldea Ohorezko Mailako titulua lortzeko Lauko Finalera sailkatzetik gertu geratu da, final laurdenetako partiduetan denboraldi erregularreko irabazlea den eta titulua lortzeko faborito argia den Club de Camporen aurka 2-0 eta 3-2 galdu ondoren.
Madrilen jokaturiko bi partiduetan talde bizkaitarrak aurpegia eman du azken hamarkadako talde indartsuenaren aurka. “kanporaketa ona egin dugu ligako talde onenaren aurka eta maila bikaina eman dugu. Porrotak min eman digu, kanporaketa hau ilusio askorekin abiarazi genuen, baina honek ez du zapuzten taldeak eginiko play-offa”, adierazi zuen Lipe Moreno entrenatzaileak.
Larunbatean 2-0 galdu zuen, defentsan lan asko egin behar izan zuen eta 5 minuturen faltan berdinketa lortzeko aukerak izan zituen, 1-0 galtzen zihoala.
Igandekoa, hil ala biziko partidua zen, talde getxotarra aurretik jarri zen Vicky Lorenzattiren golari esker, baina etxekoek partida irauli zuten. Bizkaitarrak ez ziren kikildu eta Antonellak berdinketa lortu zuen. Taldeak bazekien berdinketak ez ziola balio eta Morenok atezain-jokalaria atera zuen azken minutuetan. Club de Campo hortaz baliatu zen eta 3-2koa sartu zuen, kanporaketa erabakita utziz.
“Atzo 5 minuturen faltan 1-0 gindoazen, berdintzeko aukerekin eta gaur berdinketa izan dugunean, genituen aukera guztiak erabili ditugu. Atzoko porrotaren ondoren bagenekien erronka zaila izango genuela baina aurretik jartzea lortu dugu. Ordu erdi baino gehiagoz irabazten joan gara eta azken unera arte borrokatu dugu, jasandako kanporaketa eta erabaki zalantzagarriei aurre eginez”, azaldu zuen Santanderreko entrenatzaileak.
.
Rc Jolasetako entrenatzailea sumindurik agertu zen arbitroek izandako jarrerarekin, baina bereziki euretako batekin. “Ez gara protestatzen duen taldea eta inoiz ez gara arbitroengandik kexatzen. Badakigu arbitroen lana oso zaila dela baina gaur erakutsitako jarrera onartezina izan da” azaldu zuen.
