KOPA IZANGO DA BBK BIDAIDEAK-EN HELBURUA OSTIRAL HONETAN HASITA
19 Febrero 2026
KOPA IZANGO DA BBK BIDAIDEAK-EN HELBURUA OSTIRAL HONETAN HASITA
Hiru egun zirraragarri dituzte zain 2026ko Errege Kopara sailkatutako zortzi taldeek, ostiralean hasi eta igandera arte Móstoleseko Eva Manguán kiroldegian. Txapelketa honetako ohiko parte hartzailea eta bi aldiz irabazlea (2022 eta 2023) denez gero, ez du hutsik egingo BBK Bidaideak-ek. Hasiera latza izango dute bilbotarrek Kopan, zozketak erabaki duelako final laurdenetan Ilunion indartsuari aurre egin beharko diola aurtengo edizioko kanporaketarik nabarmenenean. Madrildarrak jarduneko txapeldunak dira eta inork baino sarriago eraman dute titulu hau etxera (21).
BBK Bidaideak-ek eta Ilunionek elkarren kontra bi aldiz jokatu dute denboraldi honetan, eta garaipen bana eskuratu dituzte: Superkopako finalean madrildarrk izan ziren nagusi eta Superligan, Txurdinagan, bilbotarrek errebantxa hartu zuten. Kopakoari dagokionez, titulurako hautagai bion arteko partida ostiralean izango da, 12:30ean.
Asier García kapitainak ederto daki Ilunion aurkari gogorra izango dena, "plantillarik onenetako bat dute, Estatuan ez ezik, Europa osoan". Denboraldi honetako bi partidak oso berdinduak gogoratzen ditu, "detaileak ondoen zaindu zituenak irabazi zuen aldi bakoitzean eta ziur nago final laurdenetan ere hala izango dena: detaile txikiek eta saskiratzeko eraginkortasunak erabakiko dute".
BBK Bidaideak-ek Ilunion kanporatzen badu, finalaurrekoetan Econy Gran Canariaren eta Fundación Aliados-en arteko neurketako irabazlea izango du aurrez aurre, larunbatean 19:00etan. Finala igandean izango da, 12:30ean. Koadroaren beste aldean, final laurdenak Amiab Albacete-Menarini Joventut eta Mideba Extremadura-Amivel Reyes Gutiérrez dira.
Asier Garcíak uste du azken asteetan BBK Bidaideak-i pixka bat kostatzen ari zaiola erasoko jokoa sortzea eta denboraldi hasierako saskiratze kopuruetara heltzea, baina kapitainak ondo ikusten du taldea: "Momentu onean gaude, ligan ez dugu partida bat ere galdu, taldea ondo ari da lanean". Gainera, Kopak motibatu egiten ditu: "Ilusioa daukagu garaikur hau hirugarren aldiz altxatzeko".
