Clínicas Rincón Amivel – Bidaideak Bilbao BSR.
09 Urria 2014
Malagara bisitarekin Bidaideak Bilbao BSR kluba hasiko da aurtengo denboraldia ohorezko mailan. Malagan historian zehar oso gutxitan lortu dute bilbotarrek garaipena. Horko eraztunak oso gogorrak direla mantentzen dute Bilboko jokalariek. Sarritan oso puntu gutxi lortu dute pista horretan Iaz Kopan, adibidez, bi taldeen arteko partiduan etxekoak izan ziren garaileak.
Sandomingo entrenatzaileak lehenengo irteera honetara bere jokalari guztiak eramango ditu . Aurtengo taldean nobedade batzuk ikusi ahal izango dira. Alde batetik, bigarren taldeko bi kide, Ariel Calderon eta Patxi Suarez, definitiboki lehenengo taldera igo dira eta bestetik Jorge Lerga, antzinako jokalaria, berriro itzuli da Txurdinagako klubera.
Amivelen aurten hiru aurpegi berri ikusiko dira. Jokalari hauekin Paco Aguilarren taldeko helbururik nagusiena iazko arazoak gainditzea izango da. Gogoratu behar da Malagakoek bigarren dibisiora ez jaisteko borrokatu egin behar izan zutela aurreko denboraldian.
Bidaideak Bilbao BSR taldeko helburua partidu honetan garaipena lortzea izango da. Alde batetik denboraldia ondo hasteko eta bestetik iazko Kopako porrota behingoz ahazteko.
Bilbokoek hiru helburu nagusi dituzte aurten: Ligako aurreko postuetan bukatzea, Koparako txartela eskuratzea eta Europan paper ona egitea. Horretarako oso inportantea da larunbateko partidua. Garaipen batekin hastea lehenengo urratsa izango da helburu hauek finkatzeko.

