Estatutuak

I. KAPITULUA: XEDAPEN OROKORRAK

1. Artikulua.- Izaera, izena eta iraupena.
“BIAKAIA-BIZKAIALDE FUNDAZIOA” izeneko kirol eta gizarte fundazioa eratzen da, izaera pribatukoa eta iraupen mugagabekoa. Fundazioaren ondarea beti egongo da lotuta fundazioaren xedeak gauzatzeari.

2. Artikulua.- Araubide juridikoa, nortasuna eta gaitasun juridikoa
Fundazioak baditu nortasun juridiko propioa, gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa, inolako mugarik gabe, estatutu hauetan, EAEko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean eta hura garatzeko araudian ezarritakoak izan ezik.

3. Artikulua.- Lurralde eremua
Fundazioak gehienbat Bizkaiko Lurralde Historikoan jardungo du bere eginkizunetan, baina lurralde eremu horretatik kanpora ere hedatu ahal izango du bere jarduera.

Fundazioaren jardueren onuradun nagusiak Bizkaiko herritarrak eta, oro har, Euskal Herri osoko herritarrak izango dira.

4. Artikulua.- Helbidea
Fundazioak Bilbon izango du helbidea, Recalde zumarkaleko 30ean, 1. solairuan, baina patronatuak fundazioaren helbidea aldatu ahal izango du, eta, horrela eginez gero, Fundazioen Erregistroari jakinarazi beharko dio.

Fundazioak, bere lana egiteko, ordezkaritzak edo bulegoak sortu ahal izango ditu beste udalerri batzuetan, patronatuak hala erabakitzen duenean.


5. Artikulua.- Fundazioaren helburuak eta xedeak
5.1.- BIZKAIA-BIZKAIALDE Fundazioa irabazteko asmorik gabeko erakundea da, eta Bizkaiko kirola sustatu eta garatzea du azken xedea. Lehentasunezko arreta jarriko dio errendimenduko kirolari, batez ere mota guztietako baliabide ekonomikoak bilatuz, lehentasunez babesletza publiko eta pribatuak, eta baliabide horiek Bizkaiko kirolariei laguntzeko programak finantzatzeko erabiliko ditu.

5.2.- Horretarako, bere ahalbide ekonomikoen neurrian eta kasu bakoitzean bere patronatuak onesten dituen programa zehatzen arabera, honako jarduera hauek egingo ditu, beste batzuen artean:

Era guztietako pertsona fisiko zein juridikoengandik, horiek publikoak nahiz pribatuak izan, baliabide ekonomikoak lortzea eta Bizkaiko kirola sustatzeko eta garatzeko programetara bideratzea, errendimendu-kirolari lehentasunezko arreta emanez.
Eskuragarri dauden baliabide ekonomikoen aprobetxamendu egokia bermatzen duten eta Bizkaiko errendimendu-kirola antolatzen laguntzen duten kirol programak eta programa ekonomikoak egitea.
Kirol programa horiek garatzen eta gauzatzen parte hartzea.
Bizkaiko kirola sustatzeko eta garatzeko baliagarri diren kirol ekitaldiak antolatzea, kasua bada.
Taldeekin edo kirolariekin parte hartzea errendimenduko kirol lehiaketa ofizialetan, kasua bada.
Biltzar, mintegi, jardunaldi, argitalpen, beka eta abarren bitartez kirol babesletzako eragiketak sustatzea, eta aholku ematea arlo horretan.
Kirolaren arlo zientifikoan ikerketa eta garapeneko (I+G) lanak egiteko bidea ematea.
Bizkaiko kirolaren antolamendua indartzea.
Aurrekoen parekoa den eta fundazioaren helburua betetzen laguntzen duen beste edozein jarduera.
 

 
6. Artikulua.- Helburuen garapena
Fundazioaren helburua lortzeko, patronatua elkarlanean aritu ahalko da beste erakunde publiko zein pribatu batzuekin, eta horretarako behar diren lankidetza- eta babesletza-akordioak sinatu.

 
7. Artikulua.- Jarduteko printzipioak
Fundazioak printzipio hauek izango ditu gidari bere jardunean:
a) Publikotasuna eta gardentasuna. Bere helburu eta jarduerei buruz behar adina informazio emango du, herritar guztiek eta balizko onuradunek ezagutu ahal izan ditzaten.

b)Inpartzialtasuna eta diskriminaziorik eza, pertsona eta erakunde onuradunak nahiz bere jarduerak eta prestazioak erabakitzerakoan.

c) Patronatuko kideek zerbitzurako gogoa izan dezaten eta beren interesen gainetik fundazioaren interesak lehenets ditzaten sustatzea.

d)Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzarekin lankidetza zintzo eta iraunkorrean jardutea.

e) Fundazioaren ondarea eta errentak fundazioaren helburuetarako erabiltzeko betebeharra benetan bete dadin arduratzea, fundazioaren estatutuetan eta indarra duen araudian aurreikusita dagoen moduan.

f) Genero-berdintasuna sustatzea.

 
 

 

II. KAPITULUA: FUNDAZIOAREN GOBERNUA

 

 
8. Artikulua.- Patronatua
8.1.- Patronatua fundazioaren gobernu eta administrazio organoa da.

 
8.2.-  Patronatua kide anitzeko organoa da, subiranoa bere eginkizuna betetzean. Fundazioaren ordezkaria ere izango da, bere lehendakariaren bitartez, eta fundazioaren helburua lortzeko behar diren ahalmen guztiak baliatuko ditu.

 
8.3.- Zehazki, patronatuaren eginkizunak dira honako hauek:

a) Fundazioaren norabidea adieraztea, helburuak hobeto betetzeko, eta helburuok bete daitezen arduratzea.

b) Fundazioaren goi-ikuskapenean, zaintzan eta kontrolean aritzea.

c) Fundazioaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubide guztiak administratzea.

d) Urteko kontuak onestea.

e) Ekitaldiko jarduketa plana onestea.

f) Fundazioaren helbidea aldatzea, eta haren establezimenduen egoitzak zehaztea, horrelakorik balego.

g) Batzorde delegatuak sortzea, haien kideak izendatzea, haien ahalmenak zehaztea, eta ahalorde orokorrak edo bereziak ematea.

h) Fundazioak beste fundazio batekin edo batzuekin bat egin dezala erabakitzea.

i) Fundazioa azkendu dadila erabakitzea eta likidazio programa ezartzea.

j) Jarauntsi, legatu edo dohaintzak onartzea edo horiei uko egitea, fundazioari komeni zaiola uste duten guztietan, eta Babeslaritza jakinaren gainean jartzea.

k) Fundazioaren estatutuak aldatzea, sortzailearen nahia hobeto betetzeko beharrezkoa balitz.

l) Erantzukizunpeko adierazpenak onestea, araudiak hala aurreikusten duenean, ondasunak xedatu edo kargapetzeko egintzetarako.

 
8.4.- Patronatuak bere kide baten edo batzuen esku utzi ahalko ditu bere ahalmenak. Delegazio hori patronatuko kide bati baino gehiagori egiten zaienean, batzorde betearazle edo delegatu bat eratuko da, edo bat baino gehiago, eginkizun mankomunatu edo solidarioekin. Horretarako, patronatuak erregelamenduz mugatuko ditu batzordeen osaera, funtzionamendu-araubidea eta eginkizunak. Bai erregelamendu hori bai hurrenez hurren erabakitzen diren izendapen edota kargu-uzteak Fundazioen Erregistroan inskribatu beharko dira.

 
Ezin izango da inola ere delegatu gai hauei buruzko erabakiak hartzeko ahalmena:

a) Urteko kontuen onespena.

b) Jarduketa-planaren onespena.

c) Estatutuen aldaketa.

d) Fundazioaren bat-egitea, zatiketa, eraldaketa, azkentzea eta likidazioa.

e) Beste pertsona juridiko bat eratzeko egintzak, salbu eta egintza horiek helburuei zuzenean lotuta daudenean.

f) Beste pertsona juridiko batzuetan parte hartzeko edo partaidetzak saltzeko egintzak, horien zenbatekoa fundazioaren aktiboaren % 20tik gorakoa bada.

g) Fundazioaren aktiboaren % 20tik gorakoak diren ondasun edo eskubideen gaineko edozein xedapen-egintza.

h) Zuzkidura handitzea edo txikitzea.

i) Bat-egitea, zatiketa, edo aktibo eta pasibo osoen nahiz zati baten lagapen globala.

j) Sozietateak edo bestelako pertsona juridikoak azkentzeko egintzak.

k) Patronatuko kideen autokontratazioa, salbu eta jarduketa hori errepikatua denean eta Babeslaritzak aurretik baimendu izan duenean kasu berdin-berdinetarako.

l) Erantzukizunpeko adierazpenak onartu eta formalizatzea.

 
Ordezkaritza eta ahalordetze orokorrak eta horien errebokatzeak Fundazioen Erregistroan inskribatu beharko dira, auzietarako direnean salbu.

 
8.5.- Patronatuak fundazioko kide ez diren pertsona fisiko edo juridikoei eskatu ahal izango die eginkizun jakin batzuk betetzeko, ordezkaritzako barne-karguetan aritzeko (batzordeetan) edo zerbitzuak emateko.

 
8.6.- Ordezkaritzarako, gobernurako eta administraziorako ahalmen gorenak baliatuz, patronatuak era guztietako egintza eta negozio juridikoak egin ahal izango ditu.

 
9. Artikulua.- Patronatuko kideak, patronatuaren osaera eta patronatukide karguaren iraupena
9.1.- Patronatuko kide izan daitezke jarduteko gaitasun osoa duten eta kargu publikoetan aritzeko ezgaituta ez dauden pertsona fisikoak.  Pertsona juridikoak patronatuko kide izan daitezke, eta izendatu beharko dituzte beren ordez arituko diren pertsona fisikoak.

 
9.2.- Patronatuko kide diren pertsona fisikoek pertsonalki jardun beharko dute karguan, baina beste patronatukide bat izendatu ahal izango dute egintza jakinetarako, haien izenean eta haiek ordezkatuz jardun dezan. Ordezkatuak idatziz jarraibideak emanez gero, ordezkariak bete egin beharko ditu. Alabaina, patronatuko kargua beste kargu publiko edo pribaturen baten titularra den pertsona fisiko bati ematen zaionean, patronatuko bere eginkizunetan modu iraunkorrean jardungo duen pertsona bat izendatu ahal izango du.

 

9.3.- Patronatuan pertsona juridikoak ordezkatzen dituztenek modu egonkorrean egingo dute. Ordezkari horiek pertsona juridikoan duten karguagatik izendatzen badituzte, kargua galtzeak berekin ekarriko du patronatu-kide izateari uztea.

 

9.4.- Patronatukideek doan jardungo dute karguan, baina beren eginkizunak betetzeak sortzen dizkien eta behar bezala justifikatzen diren gastuak ordainduko zaizkie.

 
10. artikulua.- Patronatuaren osaera eta patronatukide karguaren iraupena
10.1.- Gutxienez bost kidek eta gehienez hamabost kidek osatuko dute fundazioaren patronatua.

 
10.2.- Honela osatuko da patronatua:
Lehendakaria: Bizkaiko Foru Aldundian kirol arloko eskumena duen saileko titularra.
Kideak: Bizkaiko Foru Aldundiak berak izendatu beharreko hiru pertsona.
Idazkaria (hizpidearekin baina botorik gabe): Bizkaiko Foru Aldundian kirol arloko eskumena duen foru saileko kirol arloari atxikitako funtzionario bat, foru erakundeak berak izendatu beharrekoa.
 
10.3.- Lehendakari kargua hutsik dagoenean edo lehendakaria kanpoan nahiz gaixorik dagoenean, gobernu organoko beste kide batek, berak izendatzen duenak, ordezkatuko du bere eginkizunetan. Horrelakorik ezean, organo bereko pertsonarik zaharrenak beteko ditu eginkizun horiek.

Kasu berberetan, patronatuko idazkaria falta denean, gobernu organo horretako kiderik gazteenak jardungo du, berariaz inor izendatu ezean.

 
10.4.- Patronatukide karguak funtsean lau urte iraungo du, baina Bizkaiko Foru Aldundiko kasuan kasuko foru agintaldiaren iraupenari doituko zaio. Betiere, patronatuko kideak berriro hautatu ahal izango dira euren karguetarako.

 
10.5.- Patronatuko kideen kargu-uztea kasu hauetan gertatuko da:
a) Heriotzagatik edo heriotzaren deklarazioagatik, eta pertsona juridikoa azkentzeagatik.
b) Ezgaitasuna gertatzeagatik, desgaikuntzagatik edo bateraezintasunagatik, legeak ezartzen duenaren arabera.
c) Karguan arreta egokiarekin ez jarduteagatik.
d) Ebazpen judizial batean erantzukizun akzioa jasotzeagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 22. artikuluan eta hura garatzeko araudian aipatutako egintzak direla-eta.
e) Epea igarotzeagatik, izendapena epe jakin baterako izan bada.
f) Beste kargu baten zioz patronatuko kide izendatutakoen kasuan, beste kargu hori uzteagatik.
g) Uko egiteagatik.
h) Bizkaiko Foru Aldundiak kargu-uztea erabakitzeagatik.
h) Fundazio-eskritura publikoa egilesten denetik bost hilabeteko epea igarotzen bada Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskripziorik eskatu gabe.
j) Legez onar daitezkeen gainerako kausengatik.

 
11. Artikulua.- Bilerak, deialdia, eratzea eta erabakiak hartzea.
11.1.- Patronatuak bilera egingo du lehendakariak horretarako deialdia egiten duenean edo patronatuko hiru kidek, gutxienez, bilera egiteko eskatzen dutenean.

 
11.2.- Patronatua legez deituta eta bilduta geratuko da, betiere, patronatuko kide guztiek edo horien ordezkariek agertu eta gehiengoz hala erabakitzen dutenean.

 
11.3.- Patronatuaren bileretarako deialdiak lehendakariak sinatuko ditu, eta kide guztiei jakinaraziko zaizkie, jasorik uztea bermatzen duen edozein bide erabiliz, bileraren eguna eta ordua baino bost egun lehenago, gutxienez, salbu eta presako kasuetan, horrelakoetan epea hiru egunera laburtu ahal izango baita.

 
Deialdian bileraren lekua eta ordua zehaztu beharko dira, eta bilerako gai-zerrenda eta beharrezkoak diren agiri guztiak erantsi beharko dira.

 
11.4.- Patronatuaren bilerak bideokonferentziaz edo bestelako komunikazio bideen bitartez egin ahal izango dira, baldin eta bermatuta geratzen badira bildutakoen identifikazioa, komunikazioaren jarraitutasuna, eztabaidetan parte hartzeko aukera eta botoa emateko aukera.

 
11.5.- Salbuespenez, patronatuak bilerarik egin gabe hartu ahal izango ditu erabakiak, baldin eta bermatuta geratzen badira informazioa jasotzeko eta botoa emateko eskubideak, jasorik geratzen bada botoa iritsi izana, eta botoaren egiazkotasuna bermatzen bada.

 
11.6.- Patronatua baliozkotasunez eratuta geratuko da kideen erdiak gehi bat agertzen badira bilkurara eta, betiere, tartean badira lehendakaria eta idazkaria.

Gutxienez hiru patronatukidek osatutako quoruma beharko da patronatua eratu ahal izateko, salbu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 14.5 artikuluan aurreikusitako kasuan eta, halaber, lege beraren 21.2 artikuluan aurreikusitakoan; horrelakoetan nahikoa izango da patronatuko bi kidek osatutako quoruma.

 
11.7.- Patronatuaren bilera unibertsala: aurreko paragrafoetan adierazitakoa gorabehera, patronatua deituta dagoela ulertuko da eta  baliozkotasunez eratuta geratuko da kide guztiak agertzen badira eta aho batez eta espresuki onartzen badute bilera egitea.

 
11.8.- Erabakiak baliozkotasunez hartuko dira botoen gehiengo soilez (idazkariaren botoa kontuan hartu gabe). Berdinketa gertatuz gero, lehendakariaren kalitatezko botoak ebatziko du. Patronatukide bakoitzak boto baterako eskubidea izango du.

 
11.9.- Bildutakoen bi herenen aldeko botoa beharko da honako erabaki hauek hartu ahal izateko:

a) Estatutuak aldatzea.

b) Fundazioaren bat-egitea edo azkentzea.

c) Patronatuko kide berriak izendatzea.

 
11.10.- Patronatuko kideek patronatuko beste edozein kideri, lehendakaria barne, beren ordezkaritza eman ahal izango diote, eta bozkatzeko eskubidea delegatu. Ordezkaritza eta boto-delegazioa baliozkoak izan daitezen, idatziz egin beharko dira patronatuaren bilera bakoitzerako, berariaz.

 
11.11.- Patronatua urtean bi aldiz bilduko da, gutxienez.

Urte bakoitzeko lehenengo seihilekoan nahitaez bilduko da aurreko ekitaldiko urteko kontuen itxiera edo likidazioa onesteko.

Era berean, bigarren seihilekoan, aurrez deialdia eginda, hurrengo ekitaldirako jarduketa plana eta urteko kontuak onetsiko dira.

 
12. Artikulua.- Patronatuko lehendakaria.
Patronatuko lehendakaria fundazioko lehendakari ere izango da. Gobernu organo horren ordezkari gorena izango da, eta, patronatuko kide izateagatik dagozkion ahalmenez gainera, honako eginkizun hauek ere izango ditu:
a) Fundazioa ordezkatzea patronatuaren eta fundazioko beste organo batzuen erabakietatik eratortzen diren egintza eta kontratu guztietan, bai eta sortzen diren auzi, espediente, administrazio-arazo, gobernu-arazo, arazo judizial eta estrajudizial guztietan ere. Auzietarako ahalorde orokorrak eman ahal izango dizkie prokuradore eta abokatuei, arestian aipatutako helburuarekin.
b) Patronatuaren bileretarako deialdiak egin daitezela agintzea eta deialdi horiek sinatzea
c) Patronatuaren bileretan buru izatea, eztabaidak gidatzea, eta bere kalitatezko botoarekin berdinketak ebaztea.
d) Patronatuaren gobernu lanak bultzatzea eta haren ohiko funtzionamendua bermatzea
e) Fundazioaren ordezkari ofiziala izatea hark esku hartu behar duen egintza eta akordioetan.
f) Patronatuaren erabakiak betetzea eta betearaztea
g) Patronatuaren erabakien ziurtagiriak eta aktak eskuestea, ontzat emanez
h) Bere karguari dagozkion gainerakoak

 
13. Artikulua.- Patronatuko idazkaria
Idazkariak eginkizun hauek izango ditu:
a) Idazkari lanetan aritzea patronatuaren bileretan eta, kasua bada, kide anitzeko gainerako organoen bileretan, aktak eginez eta erabakitakoaren fede emanez.
b) Ziurtagiriak ematea, fundazioaren lehendakariaren oniritziarekin.
c) Fundazioaren liburu eta erregistroak ordenaz eramatea eta zaintzea.
d) Lehendakariari gai-zerrenda zehazten laguntzea eta patronatuaren bileretarako deialdiak igortzea.
e) Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroari behar diren erabakien berri ematea, indarrean dagoen araudiari jarraituz.

 
 

 

III. KAPITULUA: FUNDAZIOAREN ONURADUNAK

 

 
14. Artikulua.- Baliabideak aplikatzeko oinarrizko arauak.
14.1.- Kirolerako laguntzen hartzaile diren pertsona fisiko eta juridikoak dira fundazioaren jardunaren zuzeneko onuradunak, eta bereziki aipatu behar dira, horri dagokionez, errendimendu-kiroleko programak garatzen dituzten pertsonak.

 
14.2.-  Patronatuak, fundazioaren gobernu organo gisa, fundazioaren helburuak betetzera bideratutako baliabide ekonomikoak lortzea sustatuko du, eta fundazioaren baliabide ekonomikoen aplikazioa erabakiko du, bai eta onuradunen izendapen zehatza eta laguntzen zenbatekoa ere.

 
14.3.- Fundazioaren baliabideak hainbat helburu estrategikotara bideratuko dira, honako lehentasun-hurrenkera honen arabera:
a)      Kirol lehiaketa ofizialetako maila edo kategoriei eusten laguntzea.
b)      Kirol modalitateak hobetzen eta antolatzen laguntzea.

 
14.4.- Baliabideen banaketari dagokionez, fundazioak abiapuntutzat hartuko du onuradunek frogatu egin behar dituztela aurrez definitutako kirol emaitza batzuk, eta haien artean banatu beharreko baliabideen zenbatekoa erabakiko du bakoitzaren merezimenduak oinarri harturik, eta Bizkaiko kirolariek edota kirol erakundeek modalitate bakoitzeko kirol kategoria gorenetan parte hartzeko aukera sendotzea eta/edo lortzea helburu duela.

 
14.5.- Laguntzen onuradun diren pertsona fisiko eta juridikoen artean banatuko dira baliabideak —baldin eta pertsona horiek kasuan kasuko programan eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte—, irizpide objektiboei jarraituz eta publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioei lotuta.

 
 

 

IV. KAPITULUA: FUNDAZIOAREN ARAUBIDE EKONOMIKOA

 

 
15. Artikulua.- Jarduera ekonomikoak eta merkataritzakoak
15.1.-  Fundazioak merkataritza- edo lanbide-jarduerak egin ahal izango ditu bere kabuz, fundazioaren helburuekin zerikusia badute edo horien zerbitzura badaude.

 
15.2.- Fundazioak, bere jarduerengatik, zerbitzu ordainduak eman ahal izango ditu, eta horrek ez du esan nahi onuradun izan daitezkeenen esparrua arrazoirik gabe murriztuko denik.

 
15.3.- Fundazioaren ekitaldi ekonomikoa urte naturala bera izango da, eta urte bakoitzeko abenduaren 31n amaitzen dela ulertuko da.

 
16. Artikulua.- Xedatzeko edo kargapetzeko egintzak
Ondasun edo eskubideen gaineko xedatze edo kargapetze egintzak Babeslaritzari jakinarazi beharko zaizkio baldin eta ondasun edo eskubide horiek ondare-horniduraren parte badira, edo zuzenean izendatuta badaude fundazioaren xedeak betetzeko, edo haien balioa fundazioaren azken urteko balantzean agertutako aktiboaren ehuneko hogeitik gorakoa bada.

 
17. artikulua.- Kontabilitatea eta urteko kontuak
17.1.- Fundazioaren kontabilitate-jarduera Kontabilitate Plan Orokorraren arauetara egokituko da edo berariaz aplikagarri zaion beste edozeinetara, bai eta zerga legediaren eskakizun aplikagarrietara ere.

 

17.2.- Fundazioaren patronatuak onartuko ditu urteko kontuak.  Urteko kontuetan honako hauek jasoko dira: balantzea, emaitzen kontua, memoria, eta aplikatu beharreko kontabilitate-planean ezarritako gainerako dokumentuak.

 

17.3.- Urteko kontuak onesten direnetik 30 egun natural igaro baino lehen, fundazioaren patronatuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistrora igorriko ditu urteko kontuak behar bezala sinatuta, bertan gordailutu daitezen, eta araudi indardunean aurreikusitako agiriak aurkeztu beharko ditu.

 

17.4.- Fundazioak kanpo-auditoriaren pean jarriko ditu bere kontuak, indarreko legeriaren arabera hala egin behar duenean edo, bestela, patronatuak egokitzat jotzen duenean. Auditoria eginez gero, fundazioak auditoria-txostena aurkeztuko du urteko kontuekin batera.

 
17.5.- Patronatuak, ekitaldi bakoitzeko azken hiruhilekoan, jarduketa-plan orekatua egin eta onetsiko du eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari igorriko dio. Plan horretan jasoko dira hurrengo ekitaldirako aurreikusten diren jarduerak, helburuak, kalkulatutako diru-sarreren eta gastuen partiden aurreikuspena, eta jarduketa-plana azaltzen duen memoria.

 
 

 

V. KAPITULUA: FUNDAZIOAREN ONDAREA

 

 
18. artikulua.- Ondarea
18.1.- Balorazio ekonomikoa egin ahal zaien eta zuzkiduran sartuta dauden era guztietako ondasun, eskubide eta obligazioek osatuko dute fundazioaren ondarea, bai eta eratzen denez geroztik fundazioak eskura ditzakeenek ere, zuzkiduran sartu zein ez.

 
18.2.- Hauek izango dira fundazioaren kapitalaren osagaiak:
a)      Hasierako zuzkidura, fundazio-eskrituran jasotakoa: HOGEITA HAMAR MILA ETA BERROGEITA HAMAR EURO ETA HIRUROGEI ZENTIMO (30.050,60 €). Horren kontrabalioa BOST MILIOI PEZETA DA (5.000.000 pta).
b)      Hortik aurrera fundazioak erakunde publiko edo pribatuengandik edota partikularrengandik kostu bidez nahiz dohainik eskura dezakeen beste edozein ondasun edo eskubide.

 
18.3.- Fundazioaren helburua lortzeko baliabide ekonomikoak honela osatuko dira:
a)      Fundazioaren ondarearen emaitzak, errentak, produktuak edo etekinak.
b)      Fundazioak emandako zerbitzuen truke onuradunengandik jasotzen diren diru kopuruak, kasua bada.
c)       Fundazioak jasotzen dituen dohaintza, jarauntsi eta legatuak, eta edozein tituluren bidez eskuratzen dituen gainerako ondasun eta/edo eskubideak.
d)      Fundazioak erakunde publiko edo pribatuengandik eta pertsona fisikoengandik jaso ditzakeen diru-laguntza, era guztietako ekarpen ekonomiko eta publizitate-babesak.

 
18.4.-  Jarauntsi, legatu eta dohaintzen bidez edo beste edozein tituluren bidez jasotako ondasunak eskualdatzailearen borondatearen arabera eta eskuraketa-tituluan ezarritako baldintzak betez aplikatu edo kontserbatuko dira.

 
18.5.- Baldintzarik ezartzen ez denean, ordea, patronatuak, noiznahi eta behar adina aldiz, inguruabar ekonomikoen arabera, beharrezkotzat edo komenigarritzat jotzen dituen aldaketak egin ahal izango ditu fundazioaren ondareko inbertsioetan.

 
18.6.- Fundazioaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen zaintza bermatzeko, arau hauek beteko dira:
a)      Ondasun higiezinak eta eskubide errealak jabetza-erregistroan inskribatuko dira fundazioaren izenean; inskriba daitezkeen gainerako ondasunak dagozkien erregistroetan inskribatuko dira.
b)      Balore higigarriak eta funts publikoak banku-entitateetan gordailutuko ditu patronatuak.
c)       Patronatuak berak zainduko ditu gainerako ondasun higigarriak, jabetza-tituluak, gordailuen ordezkagiriak, eta fundazioaren jabaria, jabetza, erabilera, gozamena edo beste edozein eskubide adierazten duten beste dokumentu guztiak; edo, bestela, patronatuak eskuordetzen duen pertsonak zainduko ditu.
d)      Fundazioaren ondasun guztiak ondarearen erregistro-liburu batean inbentariatuko dira, eta liburu hori patronatuaren ardurapean egongo da.

 
18.7.- Edozein kontzeptu dela-eta fundazioak lortzen dituen diru-sarrerak fundazioaren helbururako aplikatuko dira, administrazio-gastuak kendu eta gero.

 
 

 

VI. KAPITULUA: ARAUBIDE DOKUMENTALA

 

 
19. Artikulua.- Araubide dokumentala
Fundazioak akten liburua eduki beharko du, eta bertan jasoko dira fundazioaren patronatuaren eta kide anitzeko gainerako organoen bileretako aktak. Akta horiek estatutuetan zehazten den moduan kautotuta egongo dira; edo, horrelakorik ezean, idazkariak sinatuz eta lehendakariak ontzat emanez kautotuko dira.

Halaber, fundazioak liburu egunkaria eta urteko inbentario eta kontuen liburua eduki beharko ditu. Horien edukia eta egitura merkataritzako legerian araututa daude.

 
 

 

VII. KAPITULUA: ESTATUTUAK ALDATZEA, ETA BAT EGITEA, ZATITZEA ETA AZKENTZEA

 

 
20. Artikulua.- Estatutuak aldatzea
Patronatuak estatutu hauen aldaketa susta dezake, betiere fundazioaren helburua errespetatzen bada.

 
Estatutuak aldatzeko erabakia hartu ahal izateko, patronatuko kideen bi herenen aldeko botoak beharko dira. Fundazioa eratu zen garaiko inguruabarrak funtsean aldatzen badira eta komenigarria gertatzen bada estatutuak aldatzea fundazioaren helburua hobeto betetzeko, patronatuaren betebeharra izango da estatutuen aldaketa erabakitzea.

 
21. Artikulua.- Fundazioaren bat-egitea
Patronatuak proposa dezake fundazioak bat egin dezala beste fundazio batekin edo batzuekin, fundazio berri bat eratzeko, betiere fundazioaren helburua behar bezala zainduta geratzen bada, eta aldez aurretik patronatuko kideen bi herenek hala erabakitzen badute. Bat-egitea Fundazioen Erregistroan inskribatu beharko da.

 
22. Artikulua.- Fundazioa azkentzea eta likidatzea
22.1.- Fundazioa azkendu egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 40. artikuluan eta hura garatzen duen araudian aurreikusitako kasuetan, bai eta fundazioaren helburuak betetzea eragozten duten inguruabarrak gertatzen direnean ere.

 
22.2.- Patronatuko kideen bi herenen baiezko botoa beharko da patronatuak fundazioa azkentzea erabaki ahal izateko. Era berean, jarduketa-programa eta likidazioaren emaitza banatzeko proiektua onetsiko dira erabaki horretan.

 

Azkentzeko erabakia arrazoitua izango da, eta ondare-egoera eta likidazio-programa azalduko ditu.

 

22.3.- Patronatuaren erabakirik ez badago, edo Babeslaritzak erabaki hori berresten ez badu, ebazpen judizial arrazoituaren beharra egongo da fundazioa azkendu ahal izateko. Babeslaritzak edo patronatuak eskatu ahal izango dute ebazpen hori.

 

22.4.- Azkentzeko erabakia edo ebazpen judizial arrazoitua Fundazioen Erregistroan inskribatuko da.

 
22.5.- Fundazioa erabat azkentzen bada, patronatuak, askatasun osoa eta ahalmenik zabalenak dituela, fundazioaren ondarearen likidazioa egingo du, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 12ko 9/2016 Legearen 42. eta 43. artikuluetan jasotako xedapenen arabera.

Babesleak

Bizkaialde Bizkaialde
Bizkaialde
  • 660740877(Asier)
  • 649836448(Ziortza) 
  • Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.
Norberaren eta hirugarrenen cookie-ak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak aztertzeko eta zure nabigazio ohituretatik sortutako profilean oinarritutako zure lehentasunekin lotutako publizitatea erakusteko (bisitatutako orriak, adibidez).